XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sare telematiko bat garatzen hasi da Jaurlaritzako Kultura Saila

Erlea du izena, baina ez da intsektu langilearen erreferentzia, akronimo bat baizik: erakundeak lotzeko euskal amarauna.

Euskalgintzako eta kulturako elkarteen artean publiko egin du proiektu hau Eusko Jaurlaritzak azken aste hauetan, zenbait bileraren ondoren.

Egitasmoa iaztik zegoen martxan, eta hitzarmen bat ere sinatua zegoen Kultura Sailaren eta Interlinea-2000 enpresaren artean, baina azkenean badirudi ekimena udaberri honetan jarriko dela martxan.

Kultura Sailaren asmoa da Erlearen bidez HABE, euskaltegiak, udal liburutegiak, kirol federakuntzak, gazte, euskara eta kultur elkarteen informazioa bideratzea Interneten, oinarrizko zerbitzu batzuk bi urtetan dohainik eskainiz.

Proiektuan parte hartzen duten erakundeek online jartzen duten materiala euskaraz ere jarri beharko dute.

Bitxia bada ere, Interlinea-2000ren webgunean agertzen den informazio guztia gaztelania hutsean dator.

Bestalde, Kultura Sailak eta haren barneko erakundeak, hala nola HPSk eta HABEk, Erlearen bidez banatuko dute informazioa Interneten.

Gaur egunean, Jaurlaritzaren gune ofizialean (euskadi.net), ez dago Administrazioko atal horien informazio handirik. Kultura Sailak erakundeekin duen harremanetarako bidea ere laburtu nahi du Erlearen bidez.

Delegaziokoa beharrean, leihatila telematiko hau garatu nahi da, subentzioen berri emateko eta dokumentazio-informazio trukea egiteko.

Interlinea-2000ko arduradun Kepa Zalbidek EGUNKARIARI adierazi dionez, dagoeneko zenbait elkartek interesa azaldu dute proiektuan.

Elkarte horiei adierazi zaienez, Euskal Jaurlaritzak sare telematiko bakarra bultzatu nahi du, eta horixe izango da Erlea.

Euskalgintzaren inguruan sare telematikoa sortzeko ahaleginetan dabiltzan beste proiektu batzuetan susmoak eragiten ditu horrek, hala nola Jalgin, Elkar-Zabaltzen taldeak, Ikastolen Elkarteak eta EGUNKARIAk sortutako proiektuan.

Erlea eduki zerbitzari gisa definitzen du Kepa Zalbidek, ez konexio zerbitzari gisa. Hau da, doan izango dutena elkarteek Erlearekiko konexio zuzena izango da, ez Interneteko nabigazioa.

Baina, era berean, Erleako edukiak libre izango diren Interneten (elkarteek pasahitz edo giltzapean gorde nahi ez badituzte behintzat), erlea.net domeinuan kokatuta.

Telefono zuzen batzuetara deituta, Erlearen nodoarekin lotuko dira elkarteak. Printzipioz bat prest dago Gipuzkoan (Interlinea-2000 Irunen dago), eta beste bat jarriko dute Bilbon.

Nodo horien bitartez jasoko dute posta elektronikoa elkarteek, eta posta-zerrendak ere eskura izango dituzte.

Beraz, oinarrizko doako eskaintzarekin, WWW edo mundu zabaleko amaraun horretako orrialdeen unibertsoa ez dago partehartzaileen eskura, baina bai Interneteko posta elektronikozko eremu zabala, hori ere zeharo interesgarria da, interkomunikazio eta eztabaidarako, askoz baliagarriagoa gainera.

Nolanahi ere, Interlinea-2000k Interneteko konexio komertziala ere eskaintzen du, beste zerbitzariek egiten duten bezala.

Oinarrizko doako zerbitzuez gain, balio erantsikoak egongo dira, eta horiek ordaindu egin beharko dira.

Adibidez, HABEk interesa omen du urrutiko ikastaroak modu telematikoz emateko. Kasu horretan, aplikazioa garatu egin beharko da eta horrek kostu bat izango du.